Euskal Herriko Mus Txapelketako herrialdeetako finalak, bihar

Amezti.eus 2023ko mar. 10a, 12:18

Apeztegiberriko sailkapenean aritu ziren bikoteak

Nafarroakoa Iruñean izanen da, 171 bikoteekin. Arranon, Bullizion eta Herriko Tabernan jokatuko dira partidak. Eskualdetik, bederatzi bikote izanen dira.

Osotara, Nafarroan, 932 bikotek hartu du parte, Euskal Herriko Mus Txapelketan. Haietatik 171 sailkatu dira finalerako, tartean eskualdekoak, noski. Ultzamaldeko bederatzi bikotek lortu dute finalerako pasea eta bihar Iruñean jokatuko den Nafarroako finalean egoteko aukera dute. Arranon, Bullizion eta Herrikon izanen dira finaleko partidak.

Otsaila bukaera arte izan dira herriz herrikako kanporaketak. Gure eskualdean, zazpi herritan. Eta, zazpi herri horietan, guztira, 49 bikotek hartu du parte. Horietatik atera dira bederatzi bikote sailkatuak.

Aizarotzen Jon Etxeberriak eta Ander Esainek osatutako bikoteak lortu zuen pasea. Izarpe Kanpinean, Aroztegin, Eneko Berasain eta Patxi Etxeberria izan ziren lehenengo sailkatuak eta Iñigo Zenoz eta Sergio Larraintzar, bigarrenak. Joseba Satrustegik eta Javier Latasak irabazi zuten Gartzarongo sailkapena; eta, Igoako kanporaketatik ateratako Unai Martikorena eta Aingeru Etaio ere joanen dira Iruñera, hauek ordezko bezala. Etxalekun Xabier Iturriozek eta Mikel Ollok lortu zuten finalerako sarrera. Iraizotzen Koldo Oiartzunek eta Imanol Iragik osatutako bikotea lehenengo, eta Eduardo Etxeberriak eta Fermin Orriok osatutakoa, bigarren sarrera lortu zuen. Bukatzeko, Apeztegiberritik Sebe Eugi eta Mertxe Larraiotz joanen dira, hauek ere ordezko.

Nafarroa Garaiko finala bakarrik ez, Arabakoa, Bizkaikoa, Gipuzkoakoa, Lapurdikoa, Behe Nafarrokoa eta Zuberoko finala ere izanen dira bihar. Ondoren, final bakoitzeko sailkatuek Euskal Herriko txapela izanen dute jokoan, martxoaren 25ean, Zornotzan.