Nafarroan 29.000 langile izanen ziren administrazio publikoan, Nafarroako gobernurako, lan egiten dutenak. Grebara deitu dituzte LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek Hezkuntzan; eta, Osasunbideko LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek. Pribatizazio politiken amaitzea, enpleguaren behin behinekotasuanren murriztea %8 baino gutxiagora, arreta hobetzeko langileen ratioen handitzea eta plantillen egokitzea dira grebaren aldarrikapenetako batzuk.
Eskualdean, Oihanzabal eskolan izan du babes gehien grebak. Zazpi irakasle eta zuzendaria dira irakaskuntzako langileak bertan, eta zerbitzu minimoetan zeuden zuzendaria eta bi irakaslek bakarrik egin dute lan. Ikaslegoan ere nabaritu da greba, 27 ikasle joan dira eskolara, %56.
Larraintzarko ikastetxean, ordea, txikia izan da grebaren jarraipena. Lehen Hezkuntzan 23 irakasletik lauk egin dute greba; eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ezin izan digute zenbaki zehatza esan baina hiru edo lau izan direla jakinarazi digute.
Bestetik, Osasun etxeetan, zerbitzu minimoak tartean, Larraintzarko erizain batek bakarrik egin du greba.