Elkarrizketa

Gorputzaren irudiaren pertzepzioaz egindako inkestaren datuak argitaratu dituzte

Amezti.eus 2023ko urt. 23a, 12:20

Ultzama aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak norbere gorputzaren pertzepzioaren inguruan inkesta bat zabaldu du azken hilabeteotan, eta orain, emaitzak eskutan, argitara eman dituzte. Miren Uharte teknikariak jasotako emaitzen berri eman digu gaurko irratsaioan.

"Orokorrean emakumeok gure gorputzarekin gustura egoteko arazo gehiago ditugula ikusi dugu, eta presioa handiagoa dela". Erantzun kopuruari dagokionez, erantzun gehien emakumeen partetik jaso dituztela adierazi du teknikariak. Hain zuzen, 18 urtetik gorakoen erantzunei begira jarrita, %85 emakumezkoenak izan dira.

Gainera, norberaren gorputzarekin guztiz eroso sentitzen ez garela adierazten duten portzentaiak altuak dira, orokorrean. Honen adibide batzuk: %34ri ez zaio bere itxura gustatzen, %40ri ez zaio bere itxura arroparekin gustatzen, %48k gorputzarekin lotura duten ekintzak saihestu situ, eta %44ak askotan edo ia beti saihesten du bikotekideak biluzik ikustea.

Lodifobiaren inguruko kanpainia ere bada Gizarte Zerbitzuek abiatutakoa, eta hura oraindik errotuta dugula erakusten du inkestak. 18 urtetik gorakoen artean %70 loditzearen beldur da.

Inkesta ikastetxean ere banatu zen 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek erantzun zezaten. Eta, hemen ere, aldea dago nesken eta mutilen arteko erantzunetan: 25 neskatilek erantzun dute loditu edo argaldu duten nabaritzen dutela, erantzun bera eman dute, ordea 11 mutilek; edo, bainujantzian ikustea gustatzen ez zaienen artean 14 neska dira eta 4 mutil. Gaztetxoen artean, kezkatzeko erantzunik ere jaso du inkestak, izan ere, dieta mirariekin pisua galtzen saiatu direla aitortu dute 9 neskatilek eta 3 mutikok.

Erantzunak aztertu ditugu Gizarte Zerbitzuetako Miren Uharterekin, Egun Ero irratsaioan. Entzun hemen.

Kanpainiak gainera hainbat hitzordu ekarri ditu gurera. Larunbatean Eritzegoitiko kultur eskolan gorputz irudia eta osasuna tailerra izanen da. Eta, otsailaren 17an, Larraintzarko bentan, 19:00etan, lodifobia eta biolentzia estetikoak hitzaldia izanen da.