Elizondoko Euzko Etxeak antolatutako Nafarroako lehendabiziko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen Mutuberriak 1936an, eta txapeldunorde gelditu zen bertan. Gerra ondoren, 1960an, 1961ean, 1962an, 1963an eta 1964ean hartu zuen parte Nafarroako Txapelketan, eta 60an eta 64ean finalista suertatu zen. 1926an Almandozen bizitako gertaera bati jarri zion bere lehen bertso sorta, eta doinu ezagun bihurtu zen Almandoztik etorrita izenekoa. Urte mordoxka bat beranduago, 2001ean, Oskorri taldeak Ultzamako Bentako Diez de Ulzurrunengandik doinua jaso eta ezagun egin zuen, Mutuberriaren bertsoa Ultzamako basurdea izeneko abestian jasota. Honela zion bertsoak:
1.
Milla bederatzi eunda,
ogeita seyian,
kantak jartzera nua,
Arraizko partian;
grazia eskatuaz,
Jaunaren aurrian.
eizilari batzuek,
nola ibilli diran.
2.
Almandoztik etorri-ta,
Ultzama aldera,
Gazteluzar deitzen den,
baserri batera,
basurdia sartzen zala
alortxo batian,
beren uste guzien
ura arrapatzera.
3.
Eztira etorriak
txarraren ustian.
propio sartu eta
automobillian,
eizilari onenak
batzuen ustian,
baña erori dira,
deskuido batian;
4.
Etorri ta lenbizi
in dute afaria,
dudikan gabe etzan
batere gabia;
gero digiritzeko
artuta kafia,
purua artu eta
azkar zen jendia.
5.
Denbora ederra zagon,
gora illargia.
Deskansura etorri da,
orko basurdia.
Batek leyo batetik
ein du beiraldia,
oartu ziran bezala,
an zan komeria;
6.
Eizilarik onena
juanda lendabizi
bañan basurdia ezta
batere juan igesi;
ez tirade ok broman
lan ortara asi
dudik gabe bazuten
munizio aski.
7.
Bi tiro eman dazkio
lenbizko asiera
zazpi posta sartu ta
basurdia aurrera;
tiro oyen otsa
aditu eskero
beste lagun bat dator
orren laguntzera.
8.
Basurdia suber zagon
erio moduan
beste bi tiro orrek
Ikusi orduan.
Amerikano bat zan
guzizko apuruan,
orixe or juan da
galzak ya galduan.
9.
Amerikanoarekin
txakurra Surio
orixe beretako,
propina eman dio.
Gau illunian asko
ez liteke fio,
basurdia delakoan
tiratu omen dio
10.
Etzan txorakeria,
oyek zuten poza;
basurde ori janez
bear zutela goza,
baño oker atera da
goguan duten gauza,
basurdia delakuan,
txerri puzten motza.
11.
Suertia egin dutela
alkarren ertian
denak juntatu eta
konsoluz betian,
modu ontan bildurik
alkarren artian
etxetik linterna bat
ekarri artian.
12.
Yautsi dutenin
txerria
denak esaten zuten
lastimagarria.
Obiago da lenbailen
egin sangeria
bota baño askoz obe,
aprotxatzia.
13.
Etxera eraman eta
segidu apaindu
gibela prestatuta
berriz ere afaldu.
Ezta gose denbora
oyentzat azaldu,
bañan guziengatik
nai zuten itzaldu.
14.
Ongi pensatu zuten
nola manejatu
jendeak etzezala
asko murmuratu;
esaten dute baño,
nola siñestatu,
etxeko beyek diola
adarren bat sartu.
15.
Eizilari oyek
amaikak aldian,
abiatu ziraden
Baztanan bidean.
Orren guziengatik
umore ederrian,
sartu izan bi'aute,
beren errian.
16.
Ara amasei bertso
oraingo berriak
zer pago eraman duten
txakur eta txerriak.
Noiz nai konbeni dira
olako eiztariak
beste aldian obeki
ernatu begiak.