Eskualdeko hautetsiak, parekidetasunaren zeharkakotasuna lantzen

Amezti.eus 2023ko urt. 13a, 09:19

Zeharkakotasuna edo transbertsabilitatea lantzeko saioa izan zuten ostegunean Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udaletako hautetsiek. Zazpi hautetsi batu ziren saiora Atetz, Anue, Basaburua eta Ultzamako udaletatik. Saioak bi orduko iraupena izan zuen eta Idoia Lekue Peñaren laguntza izan zuten. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko berdintasun alorretik antolatu da ekimena.

Hautetsiei zuzenduriko hirugarren saioa izan zen ostegunekoa. Lehenengoa, udalez udal egin zuten berdintasunaren inguruko oinarrizko kontzeptuak eta desparekotasunaren egiturazko jatorria ezagutzeko.

Ondoren, udaberrian, udal guztiei zuzenduriko saioa egin zuten zeharkakotasunaren garrantziaren inguruan  jabetzeko, alegia, berdintasuna politika publikoen arlo, maila eta etapa guztietan txertatzearen garrantziaz jabetzeko.

Eta, atzokoan berriz, zeharkakotasuna lantzen jarraitu zuten, baina kasu honetan adibide praktikoei helduaz. Zeharkakotasuna prozesu politikoa eta prozedura teknikoa izanik, teknikariei zuzenduriko saioak ere egiten ari dira. Hauek, aldiz, lau orduko saioak izan dira. Lehenengoa udaberrian egin zuten zeharkakotasunaren garrantziaz jabetzeko, eta bigarrena pasa den asteazkenean, urtarrilaren 11n, estrategia horretan sakontzen jarraitzeko. 

Arlo desberdinetako eragileek berdintasunaren inguruko ezagutzak eskuratzea ezinbestekoa jotzen dute Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik zeharkakotasunez lan egiteko. Horregatik, aurrera begira hautetsiei eta teknikariei zuzenduriko trebakuntza saio gehiago egingo dituztela jakinarazi dute. "Ultzamaldeako Berdintasun Planak jasotzen duen bezala trebakuntza jarraia izan behar delako", diote.