Hemen dugu zozketa mundiala berriz ere

Amezti.eus 2022ko abe. 22a, 11:52
Pasa den urteko zozketan, boletoak nahasten

Hemen dugu Zozketa Mundiala berriz ere. Etxekoa, gurea, auzolanaz egina. Gureari eusteko, euskarari apio bat jartzeko, apio horren eta beste askoren beharrean baitago.

Auzolana da, jende askoren parte hartzearekin egiten dena. Batez ere saltzaileen ahalegina eskertzekoa da; hainbat eta hainbat saiatzen dira saltzen. Eta zuen ekarpena txartelak erosterakoan ere ez nuke aipatu gabe utzi nahi.

 

Etxekoa dela esan dut eta hala da gehienbat, hala ere, gure eskualdetik kanpo ere erosten digute, eta franko gainera. Lehengo batean deika telefonoz, ez behin, bi aldiz baizik. Nor ote zen eta Ultzamaldearekin harremanik ez duen emakume euskaldun bat. Eguberrietan gure zozketako txartel batzuk erostea duela gustuko eta aurten inondik inora erdiesten ez. Gaztelu Enparantzara ateratzeko eta bertan saldu nizkion 5 txartel. Eskerrik asko, Ainhoa!

Erostun guziak zarete Ainhoa.

 

Sariez, bi hitz

 

Nik uste gehienok badakizuela sari politak banatzen ditugula. Iaz 130 sari izan ziren. Aurten zertxobait gehiago: Elgorriagako bainuetxean 2 egonaldi beharrean 3 izanen dira. Bazkariren bat gehiago, Ile-apaindegirako bono bat gehiago, gaztaren bat gehiago … Eta azken orduan beti izaten da sorpresatxoren bat.

Anima zaitezte, eros, eta batez ere anima itzazue euskal mundutik apartexko dabiltzan zure auzo eta lagunak, EUSKARA denona baita, euskaltzaleena ez eze, gainerako nafar guziena ere bai.