Kanpoan hotza, baina eskulangileei herritarrak lagunduta, giro polita izan zen atzo, Larraintzarren, azokaren hirugarren edizioan. Aurten ere hogeina bat postu bildu ziren Ultzama pilotalekuan, askotariko artisau lanak erakusteko eta saltzeko.
Ultzamaldeko eskulangileen azoka 2019an antolatu zuen lehenengo aldiz Ametza kultur elkarteak. Galtzen ari den artisau lana erakusteko eta bultzatzeko, batez ere, eskualdean egiten dena. 2020an bertan behera gelditu zen izurritearengatik, eta, beraz, aurtengoa, hirugarrena izan da. Pulunpe, Esan Erran eta amezti.eus webgune hau ere bultzatzen ditu Ametza kultur elkarteak.
Aurten ohiko postuak izan dira. Ana Urteaga zura zizelkariarenean, gainera, zurazko onddo handi bat zegoen, zenbat pisatzen duen asmatzeko, argazkian ikusten duzuen bezala. 8,7 kilo pisatzen zituen.
Ametzaren postuan gainera, ikusiko zenuten, Pulunpeko Zozketa Mundialaren boletoak erosteko aukera bazen, izan ere, hurbil dugu hurrengo zozketa. Dakizuenez, ordura arte, eskualdeko ostatuetan ere eskuratzeko aukera duzue.