Arrosa Sarea \ Dokumentala

Arrosa Sarearen dokumentala estreinatu da

Amezti.eus 2022ko urr. 14a, 10:00

Arrosa Sarea, hogei urtez uhinak uztartzen da dokumentalaren izenburua eta Hala Bediko Halabideok ekoitzi du. Euskal irrati libre eta udal irratiak batzen dituen sarearen bilakaera kontatzen du.

Sarea duela hogei urte erditu zen lekutik bertatik abiatzen da dokumentala; horretarako, sorrera hura nolakoa eta zergatik izan zen kontatzen dute orduko hainbat partaidek, koordinazio lanetan ibili zirenak edota Arrosak berak ekoizten duen Zebrabidea magazineneko arduradunek, beraien bizipenak eta oroitzapenak adieraziz. Gainera, irratia bizirik eta etengabeko eraldaketan dagoen medio bat izanik, irratia egiteko zein entzuteko modu berriei buruzko hausnarketak ez dira falta, beti ere gure herri eta hizkuntzaren ikuspegitik.

Euskal Herriko 25 irrati libre eta udal irrati, euskaldunak, batzen ditu Arrosa Sareak. Talde horren parte da ere Esan Erran irratia. Hogei urte bete zituen pasa den urtean, eta urteurrena ospatzeko ekimenen artean, dokumentalaren ekoizpena ere badago. Orain ikusgai duzue Halabideoko Youtube kanalean, hemen duzue ere bideorako sarbidea.