Itzuli mihitzuli egitasmoa jaio da

Amezti.eus 2022ko urr. 11a, 09:33

Aisialdia euskaraz bermatu nahi duen guraso talde batek sortutako egitasmoa da eta hilabetero proposamen bat eginen dute.

Urriaren 23an antolatu dute lehenengoa, Oderizko plazan bildu eta trikuharrien ibilbidea eginen dute. 3,6 kilometroko irteraldia izanen da eta goizeko 10:00etan abiatuko da.

"Ezinbestean euskaraz bizitzeko espazio berriak sortu nahi ditugu; bai gurasook eta bai haurrek euskaraz naturaltasun osoz bizitzeko modua izan dezagun", azaldu dute bidalitako oharrean. Horrela, hilabetero-hilabetero proposamen bat eginen dute euskaratik eta euskaraz tarte atsegin bat pasatzeko asmoz.