Ultzamako Udalaren 2022-23rako ikastaro eta tailer eskaintza zabalik

Amezti.eus 2022ko ira. 16a, 11:24

Urtero bezala, 2022-23 ikasturterako ere alor desberdinetako hainbat tailer eta ikastaro antolatu ditu Ultzamako Udalak: artean, ingeleran eta antzerkian sakontzeko aukera izanen dute herritarrek. Irailaren 26an amaituko da izen emateko epea.

Izena emateko orria bete beharko dute interesa dutenek, eta ayuntamiento@ultzama.eus helbidera bidali. Bestela, Egoitza Elektronikoan eta Udaletxean bertan ere egin daitezke eskaerak, azken horretan, hitzordua aurrez hartuta (948 30 51 15).

Hauexek dira, momentuz, proposatu diren ikastaroak:

  • Artea: olio-pintura, akrilikoa, akuarela, pastela, argizariak; marrazkia: arkatza, ikatz-ziria, tinta... (prezioa: 270€/290€). Astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara.
  • Ingelera 1: ingelera ikasten hasi nahi duten helduentzako ikastaroa. Ezer ez dakitenentzako mailatik hasita (prezioa: 270€/290€). Astelehenetan, 17:00etatik 18:30era.
  • Ingelera 2: ingelera ikasten hasi nahi duten helduentzako ikasaroa. Aurreko ikasturtean egin zenaren jarraipena (prezioa 270€290€). Astelehenetan, 18:30etik 20:00etara.
  • Antzerkia: interpretazio teknikak, gorputz adierazpena etab. landuko dira (prezioa 250€/270€). Astelehenetan 18:00etatik 20:30era

Ikastaro guztiak 18 urtetik gorakoendako izanen dira, eta gutxienez lau pertsonako taldea osatu beharko da ikastaro bakoitzean aurrera atera dadin. Ultzaman erroldatutako pertsonek prezio merketua izanen dute. Informazio gehiagorako, Ultzamako Udalaren webgunera jo.