Bi ikastetxeetan ikasle gutxiago dituzte aurten, 52 Oihanzabalen, pasa den urtean baino lau gutxiago; eta, 268 Larraintzarren, pasa den urtean baino 15 gutxiago. Ultzamako ikastetxean 34 ume dituzte Haur Hezkuntzan, 120 Lehen Hezkuntzan eta 114 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Lehen egunean talde kohesioa eta elkar ezagutza bultzatzeko ariketak egin dituzte, Larraintzarren 'Zero proiektua' deituriko dinamika, bigarrengoz. Oihanzabalen ere, iaz bezala, kohesio saioekin hasi dute eguna eta atsedenaldia basora joan dira txango txiki bat egiteko.
Jauntsarasko eskolan, ikasturtea borrokan hasi dute. Alde batetik, 3.,4. eta 5. mailako ikasleak talde bakarrean sartu dizkielako Hezkuntzak. 15 ikasle dira osotara, eta hori da bi taldetan banatzeko kopurua, baina ikasle berri batzuk epez kanpo matrikulatu zirenez, talde bakarrean mantendu nahi ditu gobernuko ikuskaritzak. Asteartean eskolak eta gurasoek bilera dute, eskaria egiteko indarrak batzeko asmoz. Bestetik, mendialdeko eta landa eremuko eskolekin batera, jantokia lau egunetik bost egunera pasatzea ere eskatuko dute.
Larraintzarren, jantoki berria izanen da aurtengo ikasturtean berrikuntzen artean nabarmenetakoa. Obrak iraila bukaeran amaitzea espero dute, bitartean, karpa bat jarri dute. Bestetik Ikasnova Gela jarriko dute martxan: DBH 1. mailako ikasleendako zuzenduta dago batez ere, bi taldeak (bi irakasleekin) elkar aritzeko asmoz, eta metodologia eta teknologia berriak bultzatzeko. Obra egitearen zain daude, bi gela batean bihurtzeko, bitartean, liburutegian arituko dira horretarako bideratutako altzairu eta ordenagailu berriekin.
Gainera, lasaitokia ere ia-ia martxan dute, gurasoen Sustraiak proiektutik bultzatutako egitasmoa. Atsedenaldian jolasean aritu nahi ez dutenendako lasai egoteko gela bat da, goxoa, irakurtzeko eta horrelako jardun lasaiagoetan aritzekoa.
Ohialak jarri dituzte, akustika zaintzeko
Teknologia ikasgaian ikasleek moldatu dituzte armairu zaharrak
Berrikuntzak beraz, badira, Larraintzarko zuzendaritzatik esan digutenez. Beste bat, aspalditik beharrezkoa, Haur Hezkuntzan jarri duten hesia.
Beraz, eskoletan ere ikasturtea hasi da, borroka eta proiektu berriekin, baina, zorionez, Covid-19aren aurkako neurririk gabe.