10:00etan hasiko da eguna, euskal artzain txakurraren inguruko aurkezpenarekin, eta, ondoren, pertsonen bilatzearen erakustaldia (Montrailing), dantza eta agility erakustaldia, builur bilaketa eta artzaintza erakusketa izanen dira. Gainera, Orgiko jaialdiko ipuin kontalaria eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna ere izanen dira.
Eta nondik dator Orgiko euskal artzain txakurraren eguna? Bada, Truke deituriko txakurra izan da "erruduna", Patxi Ilzarbe Euskal artzain txakurraren adiskideak taldeko kidea: "Truke deituriko euskal artzain txakur eder batengatik ezagutu genuen Baserri eskola, han bizi baita. Guk euskal artzain txakurren errejistro bat dugu, dauden ahalik eta gehieneak identifikatuta izatea da gure lanetako bat. Ultzama Fundaziotik proposatu ziguten Orgin zerbait egin genezakeela, euskal artzain txakurraren berreskuratzean lagundu nahi zutelako, eta guri ideia zoragarria iruditu zitzaigun".
Euskal artzain txakurraren adiskideak taldeak sare sozialen bitartez ezagututako lagunak biltzen ditu eta duela zortzi bat urte eman zuen izena elkarte bezala. Tokiko arrazaren berreskuratzea eta haren egoera larria zabaltzea dute helburu: "euskal artzaina desagertzen ari zela ikusten genuen, herrietan ere, abereekin batera. Eta konturatu ginen, gainera, jendea ez zela egoera honetaz jabetzen eta desagertzeko zorian dagoen arrazaren egoera zabaldu behar genuela. Gainera, organismo ofizialen jardunarekin ez gaude ados, hiletsua eta gorbeiako arrazak gurutzatzearekin, batez ere. Euskal artzainen bi arraza ikusten ditugu guk eta horregatik ez gaude horrekin ados".
Horregatik antolatzen dituzte horrelako egunak eta azoketara joaten dira, jendea informatzeko. Baina, haien lana oso zabala da, besteak beste, aipatutako errejistroa dute, egun bizi diren euskal artzain txakur guztiak identifikatuta eta kontabilizatuta izateko. Euskal artzain txakur bat nahi duenari ere lagundu egiten diote hazitzaile arduratsuekin harremanetan jarriz edo Etxe Bila Facebook orriaren bitartez etxerik gabe dauden txakurrei familia bilatuz. Bestetik argazki artxibo bat osatzen ari dira: "1000 argazki zahar eta gaur egungo 3000 bat argazki bildu ditugu, euskal artzain txakurraren garapena ezagutzeko, eta osatzen jarraitzen dugu".
Baina, beharbada, lanik bitxiena Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Innsbruckekoarekin (Austria) batera burutzen ari diren estudio genetikoa da: "EHUrekin Euskal artzain txakurraren odolkidetasuna ezagutu nahi dugu, haren biziraupena ezagutzeko, geroz eta odolkidetasun handiagoa, arrisku gehiago baitago. Gero, estudio horren ondorioz beste bat atera zaigu Innsbruckeko Unibertsitatearekin. Bertan munduko hainbat arrazen identifikazioa erraztu nahi da indikadore genetiko batzuk zehaztuz. Penintsulatik euskal artzaina bakarrik dago estudioan eta arraza guztietan guk jarri ditugu lagin gehiago".