Festa osasuntsua bultzatzeko kanpainia, eskualdean

Amezti.eus 2022ko abu. 24a, 14:02

Gazteen artean festa osasuntsua bultzatzeko kanpainia abiatu du Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Osasun Sailaren laguntzarekin.

Herriko festak itzuli diren honetan, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako kanpainia izan da. Helburua, festa giroan ere euren buruak eta beste guztiak zaindu dezatela da. Eta, horretarako, gure eskualdeko gazte guztiei eskutitza eta triptiko bat bidali zaie.

Eskutitzan aisialdirako dituzten hainbat aukera gogoratu nahi izan diete gazteei Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatetik. Ohiko parrandaz gain, mendira joan, irakurtzea, jolastea, bidaiatzea, antzerki bat edo kontzertu bat ikustea... aisialdia anitza dela adierazi dute eskutitzan. Garrantzitsuena ongi pasatzea, irri eginez, eta goxo egonez, da kanpainiaren mezua.

Triptikoan, gaueko parrandan ateratzeko gomendioak jaso dituzte gazteek. Alkohola edanez gero, kotxerik ez gidatzea, mantso edatea eta tarteka ura edanez eta ongi janez, ligoteo sanorako aholkuak...behean duzue irakurgai.

Gainera, opari bat ere jaso dute, argazkian ikusten den kanpainaren leloa daraman gibelekoa.