Lehenego taldea uztailaren 26tik 29 bitartean bildu zen, eta bigarrena abuztuaren 1etik 5a bitartean. 25 haur bildu ziren pasa den astean eta honetan 23 izan dira, Lanzkoak eta Anueko herri guztietakoak. Baita kanpotik etorritakoak, uda Anuen pasatzen duten hainbat haurrek, Maite Zubillaga Olague, begiralea: "bestela egingo ez ziren harremanak egiten dira, aurretik ezagutzen ez ziren umeek elkar ezagutzen dute. Nora eta Teo, adibidez, italiatik etortzen dira udan (aita Etsaingoa da), ez zuten inor ezagutzen eta orain lagunekin geratzen dira arratsaldeetan eta presondora joaten dira".
Jolasak, kirol jarduerak, eskulanak egiten ibili dira, baina, batez ere, mendi irteerak egin dituzte: "Jolas pila egin dituzte baina batez ere tokiak ezagutzen ibili gara, Olagueko gaztelura, presondora, Burutaingo presa, Aritzura, Etulainera, Anueko hainbat lekutara joan gara, baina aste honetan Lantzen ere egon gara, askok ez baitzuten ezagutzen".
Dena den, helburu nagusia haratago doa, Maite Zubillaga Olaguek azaltzen digunez: "Ni askotan ibili naiz kanpaldietan Huarten eta beste toki batzuetan, irakaskuntza ikasi dut eta begirale ere aritu naiz. Eta okurritu zitzaidan, zergatik ez egin horrelako zerbait Olaguen edo bailaran, gainera toki pila bat ditugu eta askok ezagutzen ez dituztenak, eta horrela elkarguneak sortzen ditugu, ze gainera batzuk Atarrabian ikasten dute, beste batzuk Larraintzarren, elkar ezagutzea polita iruditzen zitzaidan. Gainera ezagutzen ez zituzten tokiak ezagutu dituzte, errekan, adibidez, eta gero ama batek adibidez esan zigun 'joe ez genuen ezagutzen presondo, ze toki polita duzue Olaguen', gurasoei kontatzen diete eta haiekin ere joaten dira".
Olagueko 25 urte gaztea da Zubillaga, eta Olaguekoa den Joseba Iriarte Larralderi proposatu zion berarekin begirale ibiltzea: "Oso-oso gustora ibili naiz; eta, beraiek ere bai. ikusten dituzu gero arratsaldean elkar egoteko gelditzen direla. Aurreko egunean guztiak zeuden Olagueko plazan".
Esan bezala, helburu nagusia bailarako umeek elkar ezagutzea izan da, eta helburua bete da, Isabel Oiartzun, kontzejuko kidea: "Anueko eguneko bazkarirako 50 ume apuntatu dira! Hori ez zen ohikoa, badituzte lagunak eta orduan animatzen dira. Horrek gero eragina du urtean zehar, Olaguen emakume bat etorri da bizitzera, haurrarekin, eta begira ze ongi etorri zaion".
Horregatik, aurtengo arrakasta ikusita, hurrengo urtean ere egiteko asmoa dute, Maite Zubillaga: "Pasa den urtean azken momentuko zerbait izan zen, aste bat bakarrik, baina lehenengo harremanak egiteko aproposa izan zen. Aurten, bigarrena izanda, eta gainera zabaldu dugu, ba apuntatu dira pila bat ume. Eta oso ongi atera da, ni oso pozik nago, hurrengo urtera begira berriz proposatuko dut".