Indartsu dabiltza gure eskualdeko herri kirolariak. Hori erakutsi zuten uztailaren 8an Iruñeko Foruen Plazan jokatutako txapelketan. Nafarroako Herri Kirol Federazioak Iruñeko Udalarekin antolatutako lehiaketa da Sanferminetan jokatzen dena.
Gizonezkoen arpana txapelketan, Josetxo eta Iñaki Barberena anaiek lortu zuten markarik onena. Kanaerdiko enborrari 14 epai egin behar izan zizkioten horizontalki, eta lau bertikalki. 10:24 minutuko denboran egin zuten lana Barberena anaiek; bigarren postuan gelditu ziren Adrian Berruezo eta Alberto Oteiza, eta hirugarrenean, berriz, Iker Goldarazena eta Josu Huarte.
Emakumezkoen kasuan ere, txapela Ultzamara etorri da: Maria eta Ainhoa Iraizotz ahizpek egin dute lanik onena, 9:29 minutuko denboran. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai egin behar izan zizkioten. Bigarren postuan gelditu ziren Irune Biurrun eta Lucia Etxeberria, hirugarrenean Itziar Nuñez eta Marian Otxoa, eta laugarrenean, berriz, Saioa Izura eta Uxue Rodriguez.
Zorionak, bada, eskualdeko kirolariei!