15.000 hektarea kiskali dira Nafarroan, ekainean, tartean basoak, zereal-lurrak, olibadiak, mahastiak...horregatik, lurra bestela kudeatuko duten proiektuak sustatzeko diru ekarpena egiteko eskatu die herritarrei Errigorak: "Unearen larritasuna ulertuta, Errigorak 10.000 euro jarri ditu, eta euskal herritarrei haien ekarpena egiteko eskatu nahi diegu, nork bere ahalaren neurrira".
Uztailaren 15era arte egin daiteke ekarpena, Errigoraren webgunean, txartel bidez edo transferentzia bidez. Aipatutako helburuarekin, dirua bi arlotarako erabiliko da: alde batetik, suteak zabaltzea saihesteko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortu nahi dituzte; bestetik, abeltzaintza estentsiboa sustatu nahi dute, ganadua suhiltzailerik eraginkorrena izan dadin. Eta, dirua kudeatzeko mahai bat osatu dute: CEPAEN-NNPEKo Mirian Otxotorenak, Mikel Tabar basozainak, Victor Rubio suhiltzaileak, EHNE Nafarroako Patxiku Irisarrik, Azkoiengo alkate eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakari Juan Carlos Castillok eta nekazaria eta Errigorako kidea den Imanol Iberok.
Lurra, sua, ura, herria da kanpainaren izena, eta, Errigorako besteetan bezala, auzolana ere nabarmendu nahi du: "Zalantzarik gabe, hondamendia izan da gure lurrentzat, baina suhiltzaile, basozain, nekazari, abeltzain eta herritarren arteko auzolana erabakigarria izan da erabateko tragedia sahiesteko. Herritarren ordua dela sinetsita, diru-bilketa abiatu dugu".