Atzera bota dituzte Anotzibarko eta Etsaingo parke eoliko proiektuak

Amezti.eus 2022ko eka. 21a, 11:40

Nafarroako Gobernuak Navarra 1 eta 2 eta Navarra 4 parke eoliko proiektuak momentuz bertan behera utzi dituela argitaratu du ekainaren 17ko buletin ofizialean. Odietako Anotzibarri eta Anueko Etsaini eraginen lieke bi parke horiek, bi herri horietan zenbait aire sorgailu jartzekoak baitziren. Ingurumenean eragingo luketen inpaktu larria tarteko, hasiera batean planteatutako ezaugarriekin eraikitzea behintzat ukatu egin du Ingurumen Departamenduak.

Egitasmoaren lehen berriak izan zituztenetik, erabateko aurkakotasuna azaldu zuten Anotzibarko herritarrek, Kontzejuan aho betez erabaki zelarik proiektuaren aurka egitea. Etsainen, urteotako ibilbidean iritzi desberdinak egon dira herritarren artean, nahiz eta kontrako jarrera ere handitzen joan den. Anuez eta Odietaz gain, Erro, Esteribar, Olaibar, Juslapeña, Ezkabarte, Eguesko bailara, Lizoain eta Errori ere eraginen lieke parke eolikook.

Udalerri horiek guztietako herritarrak Haize Berriak plataforman antolatu dira azken urteotan, eta hamaika ekimen egin dituzte herritarrak parkeok eragingo lituzketen kalteen inguruan informatzeko eta proiektuaren kontrako aldarria zabaltzeko. Tartean, alegazioak aurkezteko deialdiak ere egin zituzten, eta hain zuzen, aurkeztutako 80 alegazio baino gehiagotan oinarrituta eta proiektuak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak medio, egitasmoa bideraezina dela ondorioztatu du Nafarroako Gobernuak.

Berria jakitean, Haize Berriak plataformak oharra zabaldu du: "Garaipen partziala dela gogorarazi nahi dugu, aldi berean, ingurumen inpaktu deklarazio positiboak ematen ari baitira beste toki batzuetan, eta oraindik ehun bat megaproiektu abian direlako", diote.