Irratiko lagunei eta sare zabal bati esker ateratzen dugu aurrera Egun Ero magazina, Esan Erran irratiko saio propioa. Aurtengoan ere, eskualdeko kolaboratzaile sare ederra izan dugu, gai desberdin asko lantzeko aukera eman digutenak: literatura, zinema, kirolak, krimen nobela, euskara, Mexikoko iraultzaren historia, bidaiak, nekazaritza eta abeltzaintza, feminismoa, musika, internazionalismoa, gizarte gaiak, haurren garapena... eskerrik asko guztioi, zuek gabe ezinezkoa izanen baitzen irratia bizirik mantentzea!
Eta ikasturteari bukaera behar bezala emateko, azken urteetan egin bezala, festa txiki bat antolatu dugu larunbat honetarako, ekainaren 18rako. Irratilagunon bazkaria izanen da Aizarozko Ostatu atarian, eta arratsaldeko 18:30ean, Iruñeko Nahiak Nahi bakarlariaren kontzertua izanen dugu. Bertan parte hartzera animatzen zaituztegu guztiok!
Irailean indarberrituta itzuliko gara berriz... bitartean, uda on-ona opa dizuegu guztioi!