Xinbili Xanbala haur eskolako gurasoak, hezitzaileen grebaren alde

Amezti.eus 2022ko eka. 8a, 09:34

Nafarroako haur eskolek hilabete daramate greban. Baita gure eskualdekoek ere. Atzo, Ultzamako Xinbili Xanbala haur eskolako gurasoak bildu eta pankartak egiten aritu ziren, greba babesteko.

Xinbili Xanbalako 20 bat guraso eta beste hainbeste haur, haur eskoletako langileekin batera, Arraizko plazan bildu eta pankartak egiten aritu ziren, ondoren N-121-A errepidean jarri zituzten, greba babesteko eta hezitzaileen borroka ikustarazteko.

Nafarroako 0-3 plataformak deituta, maiatzaren 2tik greban dira haur eskoletako langileak. Ratioen jaitsierak (Europako herrialdeekin konparatuta bikoitza baitira Nafarroan) eta baldintzen hobetzea eskatzen dute, baita umeen segurtasuna eta haiei eskainitako zerbitzua bermatzeko ere. Urteetako aldarrikapenak dira, baina aurten protestak areagotu dituzte.

Greba eteteko negoziazio mahai bat osatzeko eskatu diote Gimeno kontseilariari, baina Nafarroako Gobernutik ez dute erantzun baliogarririk eman, eta, momentuz, grebarekin jarraituko dute.