Zerbitzu elektronikorik gabe jarraitzen du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Amezti.eus 2022ko mai. 23a, 12:39

Nafarroako beste hainbat udalek bezala, zerbitzu elektronikorik gabe jarraitzen dute Ultzamako Gizarte Zerbitzuek. ANIMSA enpresa publikoak jasatako zibererasoa da arrazoia.

Ultzamako Gizarte Zerbitzuetan beste helbide elektroniko bat jarri dute abian, baina premiazkoak diren gauzetarako bakarrik erabiltzea eskatu dute. mssb@ultzama.es da helbide hori, eta, bestela, beti bezala, telefonoz ere jarri daiteke beraiekin kontaktuan: 948 30 53 53 telefonoan.

Nafarroako 179 toki-erakunderen jabetzakoa den ANIMSA enpresa publikoak zibererasoa jasan du bere informazio-sistemetan, eta horren ondorioz, bere zerbitzuetako batzuk erori dira, hala nola posta elektronikoa, Udalen webguneak edo egoitza elektronikoak.

Erasoa asteazkenean izan zen eta geldiarazteko eta hedatzea ekiditeko neurriak jarri dituzte, Zentro Kriptologiko Nazionalarekin lankidetzan.  Oraindik zerbitzu horiek berreskuratu gabe jarraitzen dute, ordea. Enpresa publikoak adierazi duenez, aldi berean, gertaeren berri eman zaie agintari eskudunei, eta dagokion salaketa egin da.