Elkarrizketa

'Nola ekin lehen sektorean Mendialdean?' jardunaldia izanen da ostiralean

Amezti.eus 2022ko mai. 2a, 10:32

Mendialdeko Elikadura Mahaiak, Cederna Garalurrekin, NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin, INTIArekin eta Habelarte baserritar elkartearekin batera, Nafarroako Mendialdean lehen sektorean ekin nahi dutenendako jardunaldia eginen du maiatzaren 6an. Cederna Garalurreko Amaiur Unzuetak eman dizkigu xehetasunak.

Lekunberrin, Plazaolako Partzuergo Turistikoan izanen da jardunaldia, eta proiektu ekologikoetan dihardutenen esperientziak jasotzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek.

16:00etan hasiko da ekimena, ekoizpen ekologikoetan diharduten ekimen arrakastatsu zenbaitetako kideen hitz hartzeekin: Habelarteko kide bat; Bakedanoko lekale, fruta, garagardo eta olio ekoizle ekologiko bat; Etxarri Aranazko barazki ekoizle bat eta Olaberriako Behieko esne ekoizle eta transformatzailea izanen dira lehen hitzaldi horretan.

18:30etan, berriz, mahai ingurua izanen da, kasu honetan, 'Ekiteko gakoak' izenburuarekin. Lehen sektorean hasteko ideiarekin dabiltzanei nahiz honezkero ari diren eta ekologikorako trantsizioa egiteko interesa dutenei dago zuzenduta jardunaldia, eta izena intiasa.es webgunean edo 948 01 30 58 telefonoan eman daiteke.