BRT Menditarrak errugbi taldea, normaltasunetik gertu

Amezti.eus 2022ko api. 20a, 10:29

Hurrengo astetik aurrera jokalari berriak bilatzeko entrenamendu irekiak eginen dituzte Lekarozen eta maiatzaren 21ean Errugbi gaupasa itzuliko da Larraintzarrera. Tartean, taldea bultzatzeko kamisetak salgai jarri dituzte.

Beste urte askotan bezala taldeko materiala atera dute salgai BRT Menditarrak, errugbi kluba laguntzeko. Eskariak Apirilaren 24ra arte egin daitezke eta irudietan ikusiko duzuen bezala, hainbat motatako materiala duzue eskuragarri.

Kolore ezberdinetako kamisetak, goian, ikusgai. Baina baita sudaderak eta zapelak ere bai, beheko irudian ikusi ahal duzuenez.

Eskaerak egiteko taldeko jokalariekin jarri daiteke kontaktuan, mertx@brtmenditarrak.eus helbidera idatzi edo 650 107 265 telefonora deitu. Esan bezala, apirilaren 24a, igandearekin, da azkeneko eguna.

Errugbi klubak normalitaterantz doa poliki-poliki. Hurrengo astean, apirilaren 29an eta maiatzeko ostiraletan entrenamendu irekiak eginen dituzte, jokalari berriak bilatzeko eta interesa duenak probatu dezan. Lekarozen, aipatutako ostiraletan, arratsaldeko 20:00etan izanen dira, eta, ondoren, hirugarren denbora ere izanen da, noski. Entrenamenduek helburu bakarrarekin antolatu dituzte: "ongi pasatzea eta errugbia probatzea". Zentzu honetan, taldetik esan digutenez, pozik daude izurritean jokalri kopuruan beherakada sumatu bazuten, aurretiko kopuruetara itzuli direlako.

Normaltasunerako bide honetan, seinale argia da, gainera, maiatzaren 21ean ospatuko duten errugbi gaupasa. Larraintzarrera itzuliko da pesta, baina oraindik ez dute kontzertuen kartela osatu, datozen egunetan itxiko dute eta emanen dizuegu horren berri aurrerago. Hori bai, nahiz eta gaupasa berreskuratzea erabaki duten, momentuz, aurten, ez dute afaririk eskainiko.

Kirolari dagokionez, maila onean aritu dira aurten BRT Menditarrak taldeak, Fermin Larralde jokalariak esan digunez: "Kirol eta talde mailari dagokionez arras kontent gaude. Bigarren Euskal Liga irabazi dugu partida bat bakarra galduz eta oraindik bi partidaren faltan. Talde guztiak plazaratu ahal izan ditugu aurten eta, gainera, errugbi eskolak normaltasunarekin egin ahal izan ditugu".