Paleta eta frontenis txapelketako finalak izanen dira larunbatean

Amezti.eus 2022ko mar. 28a, 09:32

Ostiralean izan ziren finalaurrekoak eta apirilaren 2an amaituko da otsailaren 11n hasitako txapelketa.

Frontenisen Maider Saralegi eta Eider Martirena, Ane Escala eta Uxue Mendinuetaren kontra lehiatuko dira, 17:00etan. Lehenengo bikotea 25 eta 15 gailendu zen Irantzu Osinaga eta Laura Solano sakandarren kontra. Bigarrena, 25 eta 22 Irati Lakuntza eta Olaia Eizagirre Etxarrikoen kontra.

Palako bigarren mailan erraz irabazi zieten Almandozko Xabier Alzugaraik eta Iñaki Oskotzek Unai Otermini eta Joseba Eskamendiri, 30 eta 11, eta beraz lehenengoak jokatuko dute larunbateko finala. Jakiteke dago noren kontra, bihar, martxoaren 29an jokatuko baita bigarren finalaurrekoa, 21:00etan, Mikel Iraola eta Aitor Baraibar (Almandoz); Asier Nagore eta Oier Legarraren kontr, Lizasoarra lehenengoa, Gartzarondarra bigarrena. 

Palako lehenengo mailan, berriz, Iñaki eta Mikel Razkin garaitu ziren, 30 eta 17 Jon Idoate eta Asier Galarzaren kontra. Finalean aurrez aurre izanen dute Koldo Barandalla eta Javi Beloki. Xabier Azpiroz eta Mikel Orejaren kontra irabazi zuten 30 eta 16.

Hirugarren mailan ez dakigu oraindik zer bi bikote izanen diren finalean. Asteazkenean jokatuko da ligaxkako azken partida, eta orduan ezagutuko ditugu finalistak.

17:00etan hasiko dira finalak, apirilaren 2an, eta 20:00etan izanen da azkena, lehenengo mailako finala.