M8a, eskualdean

Amezti.eus 2022ko mar. 3a, 14:00
2018ko greba feminista Basaburuan

Martxoaren 8a gertu dugu, emakumeen edo emakume langilearen nazioarteko eguna, eta aurten ere programazioa zabala da gure eskualdean.

Martxoa osoan ditugu hitzorduak aukeran, eta bailara bat baino gehiagotan. Udaletako eta mankomunitateetako berdintasun arloek, mugimendu feministek eta herrietako emakumeek antolatutako egutegi bete-betea. Antzerkiak, ipuin-kontalariak, proiekzioak, bakarrizketak eta hainbat eta hainbat ekitaldi.

Hilabeteko lehena martxoaren 4an, ostiralean, izanen da Larraintzarko Bentan. Irantzu Varela kazetari feministaren bakarrizketa izanen da: Villana. Soliloquio malicioso de Irantzu Varela. 19:30ean.

Umeendako berdintasun mezua helaraztea ere garrantzitsua denez, ondoren, martxoaren 6an, igandearekin, ipuin-kontaketa izanen da Lantzen, Ines Bengoaren eskutik.

Ondoren, kartelan ikusten duzuen bezala, loreen eta sendabelarren inguruko bi ekimen antolatu dituzte. Bata Atetzen, Loreak nola zaindu ikasteko, baratzean duten papera eta aromatikaz gehiago jakiteko emakumeei zuzendutako tailerra. Martxoaren 9an, 18:15ean Eritzeko Kultur Eskolan. Gero, martxoaren 11n, ostiralarekin, Larraintzarko Zentro Zibikoan, 19:00etan Sendabelarrek dakitena liburuaren aurkezpena Garbiñe Larrearekin.

Anuen ere pare bat hitzordu antolatu dituzte bertako emakumeek. Martxoaren 6an mendi martxa Belogainera eta bazkaria Olaguen. Eta, martxoaren 12an Gorilas en la niebla pelikularen emanaldia udaletxean, 18:00etan.

Basaburuan ere denetarik egonen da: kontzentrazioa, afaria, erakusketa eta antzerkia. Bertako eragile guztiek antolatu baitute zerbait. Bilgune Feministak, Basandereek eta udalak.

Eta, bukatzeko, Imotzen, merendu autogestionatua eta bilkura eginen dute emakumeek, 8an, Irurtzungo manifestaziora joan baino lehen, eta, ondoren, martxoaren 11n Femininproak, inprobisazio feministak izanen dira Latasako Biltegian, eta 18an, klown bakrlana.

Baina, noski, beti bezala, martxoaren 8a mobilizazio eguna izanen da. Aipatu bezala, Aizarotzen Basaburuko Bilgune Feministak elkarretaratzea deitu du 18:00etan, plazan. Eta, Erason ere, eta ordu berean, bilkura eta merendu autogestionatua eginen dute, gero 20:00etan irurtzungo manifestaziora batzeko.