Bospasei urte daramatzate, baina zaletasun berezi honen jatorria aspalditik dator. Iñaki Ariztegi lizasoarrak kontatu digu: “Duela 10 edo 12 urte, oporretan, kostaldera joaten ginelarik, betaurrekoak eta tuboak hartzen genituen snorkle egiteko, baina arrainak ikustea eta ezin hartzea... Orduan lagun batek arpoi txiki bat erosi zuen, eta horrekin ibiltzen ginen laurok. Ondoren guztiok erosi genuen, eta horrela hasi ginen”.
Norberaren arpoi txikitik handiago batera pasa, eta azkenik, txalupa ere erosi zuten. Ontziarekin joan etorrian aritzen ziren Ultzamatik Hondarribira, baina, dagoeneko, plaza bat dute portuan.
Oxigenorik gabe
Arpoia beharrezkoa da, noski, eta txalupa ere baliagarria da, baina garrantzitsuena, norberaren gaitasuna:
"Minutu edo minutu t'erdiko apnea egiten dugu gutxi gorabehera"
“Fisikoki zenbat eta hobeago egon, hobe. Apnean egiten dugunez, horretarako prestatu ginen, ikastaro bat egin genuen. Bospasei urte daramatzagu honetan, baina oraindik hasi berriak garela esan dezakegu, minutu edo minutu t'erdiko apnea egiten dugu gutxi gorabehera. Urte asko daramatenek bizpahiru minutu eman ditzakete ur azpian”.
Apnean ikasteaz gain, bestelako prestakuntza ere jaso behar izan dute. Nafarroan federatuta daude, baina Euskadiko baimena atera behar izan dute eta urtero medikuak azterketa berezi bat egiten die.
Itsasontziak ere asko laguntzen die erosoago eta seguruago arrantzatzen: “Hasi ginenean haitzetatik bota eta inguruan ibiltzen ginen. Hori arriskutsuagoa da eta ez da oso erosoa. Horregatik, denborarekin, gustora aritzen ginenez, lau lagunen artean itsasontzia erosi genuen. Hasieran Ultzamara ekarri eta hara eramaten ibiltzen ginen, baina ondoren, Hondarribiko kirol portuan plaza bat hartu genuen eta han izaten dugu orain ontzia”.
Arpoia
Beharbada galdetuko diozue zuen buruari, baina nola erabiltzen da arpoia? Iñaki Ariztegik azaldu digu: “Makil luze bat da, hesi bat lotuta duena, pitarekin. Beheraino jaisten gara, hor ahalik eta geldien egoten gara eta arrainak zerbait dagoela ikusten dutenean, geldirik egonez gero, azkenean hurbildu egiten dira. Orduan, tiroa botatzen dugu, arraina hurbil dagoenean”.
Modu horretan arrantzatzen dituzte hainbat motatako arrainak.
Muxarrak arrantzatzen dituzte batez ere, baina baita olagarroak, lupiak, txibiak eta bestelakoak ere
Erregina muxarra da, horren bila aritzen dira batez ere, baina olagarroak, lupiak, txibiak, eta, uda partean, itsas kabrak ere hartzen dituzte.Hori izaten da saririk hoberena, nahiz eta jardunarekin disfrutatzeagatik egiten duten. "Txapelketetan ez dugu inoiz irabazi, azkenak ez izatea da helburua (barreak), baina oso gustura egoten gara, gero partaide guztiak bazkaria egiten dugu eta pasadizoak kontatzen ditugu".