Bi kirol areto berri egin eta eskolako jantokia berrituko dituzte Ultzaman

Amezti.eus 2022ko urt. 10a, 13:31

2022ko aurrekontuak onartu berri dira Ultzamako Udaletxean. Osotara ia 1,7 milioi euro izanen ditu udalak eta bereziki bi partida nabarmenduko ditugu: bi kirol areto berri eraikiko dituzte eta eskolako jantokia berrituko dute.

250.000 euro bideratuko dira bi kirol areto berriak egiteko. Igerilekuaren ondoan eginen dira, bata gimnasio bezala edo ariketa fisikoa egiteko gela gisa erabiliko da; eta bigarren aretoa erabilera anitzeko gela izanen da. Bestetik, gainera, piszinako sarrera egokituko da podologo, masajista edo bestelakoentzako kontsulta bat sortuz. Lanak 2022ko lehenengo hiruhilekoan lizitatuko dira, maiatzan hasteko, eta ondoren zazpi hilabete inguruko iraupena izanen dute.

Jantokiko lanak Kili-Kili proiektuan aztertutako beharren ondorioz etorri dira. Ikuspegi integrala duen ekimena da proiektua, hau da, pedagogikoki bakarrik ez, espazioa eta eraikina bera ere hobetu nahi du Kili-Kilik. Ikasleek, gurasoek, irakasleek, bestelako langileek eta udal ordezkariek osatzen dute, eta eskolaren beharrak aztertzerakoan, arkitektoen laguntzarekin, jantokia berritu behar zela erabaki zen. Masifikatuta dagoela uste da, eta akustika oso txarra duela, gainera. Horrela adierazi zen Kili-Kiliren urteko memorian. Hasierako partida 16.000 eurokoa izan da eta lanen proiektua idazten denean 140.000 euro bideratzeko aukera izanen da Nafarroako Gobernuko aurrekontuetan zuzenketa baten ondorioz.