Presoen eskubideen aldeko kontzentrazioak eskualdean

Amezti.eus 2022ko urt. 9a, 10:11

Sarek Bilbon urtarrilero antolatzen duen presoen eskubideen aldeko manifestazioa urtarrilaren 8an izan behar zuen, baina Covid-19aren hedapenaren igoerarengatik bertan behera uztea erabaki zuen plataformak eta herriz herri kontzentrazioak deitzea. Gurean, Larraintzarren eta Jauntsaratsen izan ziren.

Jauntsarasko eskolan eta Larraintzarko bentan izan ziren elkarretaratzeak, manifestazioa izan behar zuen orduan, 17:00etan. Osotara 82 lagun bildu ziren, presoen eskubideen bermatzea eskatzeko. 55 Jauntsaratsen eta 27 Larraintzarren.

Urtero bezala, Bilbokoa Euskal Herrian egiten den manifestaziorik jendetsuena izatea zen Sare Herritarraren asmoa. Baina Covid-19aren hedapenak azken asteetan izandako igoera handiak helburu hori betetzea eragotzi zuen. Sarek manifestazioa bertan behera uztea erabaki zuen eta, horren ordez, mobilizazioak herriz herri antolatzeko deialdia egin zuen.

"Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean" izan zen manifestazioaren leloa, bide hori egiten ari garela uste baitu Sarek. "Orain arte eman ditugun urrats guztiak beste pausu bat direla bide horretan. Bizikidetza ezinezkoa delako euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa delako bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak, elkarlotuta doaz", adierazi zuten ohar batean.

104 preso daude oraindik ere EHtik urrun, eta honela haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela salatu du presoen eskubideen defentsarako plataformak. % 94k bigarren graduan jarraitzen du, eta 10 baino ez dira hirugarren gradua.  "Egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean, eta horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. Preso horien % 90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako", azaldu dute prentsa oharrean. "Espetxeetako Juntatik gradu-progresioren bat edo espetxe-baimenen bat lortzen dutenean, ANk errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek".