Igandean, abenduaren 19an, Gernikako merkatu plazan, 12:00etan izan zen norgehiagoka. Euskadiko emakumezkoen trontza txapelketaren finala. Aurrez aurre lehiatu ziren Ainhoa eta Maria Iraizotzek osatutako bikote ultzamarra eta Bizkaiko Amaia Mendinuetak eta Iraide Guezuragak osatutakoa. Bete beharreko lana: etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 epai.
Erraz irabazi zuten ultzamarrek, 6 minutu eta 16 segundotan osatu baitzuten lana, eta 8 minututan lehiakideek. Baina, Ainhoa Iraizotzek aitortu zigunez ez ziren oso ongi ibili: "Nahiko gaizki moztu genuen, ez baikenuen erritmoa hartu. Finala baino lehen arazo bat izan genuen fitxarekin, ahaztu zitzaigulako, eta azken momentura arte ez genuen jakin parte hartzen utziko gintuzten edo ez. Argazki bat erakutsita, azkenean, lehiatu ahal izan genuen. Baina deszentratu gintuen gertatutakoak", azaldu digu.
Gertatutakoak gertatuta oso ongi ibili da Ainhoa Iraizotz azkenaldian. Euskadiko final mistoan segundo bakar batengatik galdu zuen txapela, Josetxo Barberena ultzamarrarekin bikote.