Olagueko elkarretaratzea, eguraldiarengatik bertan behera

Amezti.eus 2021ko abe. 10a, 17:34

Abenduaren 4an N121A errepidean gertatutako istripuak eragindako heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu zuten. Bihar, abenduaren 11a, izan behar zuen eguerdiko 12:00etan, baina eguraldiarengatik bertan behera uztea erabaki dute.

"Errepidean ibiltzeko arriskua “handitu da” eta ez dugu uste merezi duenik han agertzeagatik beste ezbeharrik izatea" adierazi dute N-121-A plataformatik. Errepide horretan ibilgailu astunen joan-etorria ez mugatzeko gobernuak hartutako erabakiaren aurka eta Olaguen izandako azken hildakoa salatzeko eta omentzeko deitu zuten elkarretaratzea. Euriteengatik eta haren ondorioengatik ekintza atzeratzea erabaki du plataformak.

Bi autok eta kamioi batek istripua izan zuten abenduaren 4an, eta ondorioz, hildako bat eta lau zauritu izan ziren. Urteak daramatzate errepideak gurutzatzen dituen herrietako bizilagun eta alkateek Nafarroako Gobernuari soluzio bat eskatzen. Izan ere, arrisku handiko errepide horretan heriotza ugari eragin dituzten istripu asko egon dira azken urteotan, eta bizilagunek, besteak beste, bide horretan geldialdirik ez duten kamioiak bertatik ateratzeko eskatzen dute.

"Ez da arraroa, orain arteko historiala ikusita, bizilagunen plataforma bat sortu behar izana gure eskubideak aldarrikatzeko", diote zabaldutako oharrean. "Erantzunen garaia iritsi da, soluzioen garaia. Horiek ez badira iristen, ardurak exigituko ditugu", gehitu dute.