Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena Euskadiko bigarrenak, segundo batengatik

Amezti.eus 2021ko aza. 22a, 11:01

Bigarrenak izan dira Euskadiko trontza txapelketa mistoan Ainhoa Iraizotz eta Josetxo Barberena ultzamarrak. Segundo batengatik bakarrik galdu zuten txapela.

Garbiñe Lopez de Uralderen eta Jon Lapazarenen atzetik, segundo batengatik, bigarrenak izan dira Ainhoa Iraizotz eta Josetxo Barberena. Lehenengoak bost minututan eta 18 segundotan bukatu zituzten lanak eta Iraizozek eta Barberenak bost minututan eta 19 segundotan.

"Pena eta izugarrizko amorrua. Baina finala oso lehiatua eta oso polita izan zen. Gero, abenduaren 19an Gernikan izanen dut Maria Iraizotzekin batera emakumezkoen Euskadiko finala. Ea hori ez zaigun eskapatzen", esan digu Ainhoa Iraizotzek.

Sela eta Jesus Goñi izan ziren hirugarrenak sei minututan eta 48 segundoko denbora eginez, Lezaunen atzo jokatu zen Euskadiko trontza txapelketa mistoan.

Dena den sasoi ederrean ari dira, bereziki Ainhoa Iraizoz, lokotx bilketan Euskadiko txapelduna izan baitzen aurreko astean. Berak aipatu bezala, hurrengo erronka Euskadiko trontza txapelketa femeninoa izanen du Maria Iraizozekin bikote. Zorterik onena opa diegu!