Lizasoko pestetan gertatutako eraso sexistari, erantzuna

Amezti.eus 2021ko aza. 5a, 17:52
2019ko pestetan ere eraso bat salatu zuten eta kontzentrazioa deitu zuen herriak

Pestak itzuli dira gure eskualdera, eta haien itzulerarekin ez dira bukatu, tamalez, eraso sexistak. Lizasokoak urriaren 29tik azaroaren 1a bitartean ospatu ziren, eta eraso bat salatu zuten. Ultzamako Udalak eta Lizasoko Kontzejuak hura gaitzetsi dute gaur, argitaratutako ohar batean.

Oharrean salatzen den bezala, festa guneetan "berriro ere eraso sexistak ematen ari dira". Azkenekoa, Lizasoko pestetan bertan gertatu zen, eta hura gaitzetsi nahi izan dute Ultzamako Udalak eta Lizasoko Kontzejuak, ohar batean. "Emakumeen kontrako indarkeriak eraso mota hauek bere baitan biltzen ditu eta pertsonen oinarrizko eskubideen eta emakumeen askatasunen urraketa larrienetako bat da", irakurri daiteke oharrean.

Eraso hauen jatorri matxista ere seinalatu nahi izan dute udalak eta kontzejuak: "Honen aurrean adierazi nahi dugu gertaera hauek egiturazkoak direla eta gizon eta emakumeen arteko botere harremanekin lotuta daudela, emakumeak gizonekiko menpekotasun egoeran iraunaraztea helburu dutelarik".

Hura salatzearekin batera, gainera erasoaren aurrean herriko emakumeek erakutsitako jarrera goraipatu nahi izan dute oharrean: "Amaitzeko Lizasoko festetan izandako erasoari aurre egin zioten emakumeen erantzuna eta hauei eskainitako babesa eta laguntza goraipatu nahi dugu eta irmotasunez adierazten dugu eraso sexisten aurrean jarrera konprometitua edukitzen jarraituko dugula".

Oharra osorik irakurtzeko: https://ultzama.eus/atala/albisteak/ultzamako-udalaren-eta-lizasoko-kontzejuaren-oharra-lizasoko-jaietan-gertaturiko-eraso-sexistaren-aurrean