Errigorako saskiak eskatzeko aukera, baita eskuorrien bitartez ere

Amezti.eus 2021ko urr. 28a, 12:48

Biltegian, Apeztegiberrin, Aizarozko ostatuan eta Larraintzarko bentan izanen dira eskuorriak, bertan bete, utzi, eta bertara eramanen zaie eskaria. Azaroaren 11ra arte.

Internet bidez bakarrik ez, gure eskualdean eskuorriak betez ere egin daiteke saskien eskaera. Biltegian (Latasa, Imotz), Apeztegiberriko dendan (Jauntsarats, Basaburua), Aizarozko ostatuan (Aizarotz, Basaburua) eta Larraintzarko bentan (Larraintzar, Ultzama) dituzue betetzeko. Eskuorriak bertan entregatu eta bertara eramanen dira azaroaren 11aren ondoren.

Saski beltza, produktu ekologikoez osatutako berdea edo gutiziaz osatutako zuria daude aukeran, 55, 65 eta 75 eurotan, hurrenez hurren. Nafarroa hegoaldeko ekoizle txikiak bultzatzeaz gain, zonalde hartan euskara sustatzea ere bada proiektuaren asmoa. Kanpainako irabazien %25 euskalgintzara bideratuko da.

Eskaerak, esan bezala, fisikoki egin daitek eskuorriak betez. Baita webgunean edo ondoko telefonoan egin daitezke: 848 87 12 23 ere. Gogoratu, azaroaren 11a bitartean.