Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena trontza txapelketako txapela lortu zuten etxean

Amezti.eus 2021ko urr. 11a, 13:24

Bigarren aldiz, jarraian, izan dira Nafarroako trontza txapeldunak. Larraintzarren izan zen finala, larunbatean.

Iraizozek esan digunez oso pozik daude: "arratsalde biribila izan zen: etxean irabazi, eta azkartasunean ere irabazi baikenuen!".

Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 12 epai egin behar zituzten eta lanak 5 minututan eta 44 segundotan burutu zituzten Iraizozek eta Barberenak. Bigarren bikoteak baino 25 segundo azkarrago.

 

Kirolaren eguna izan zen larunbatean Ultzaman, izurritearen ondorioz, bi urte ondoren itzuli da kirola sustatu nahi duen eguna. Aurten, udalak esan bezala, emakumea jarri nahi izan dute erdigunean, eta, horretarako, Buruzgain taldeko pilotarien arteko jaialdia antolatu zuten: Irati Gerendiain, Zelai Sarratea, Garoa Hernandez eta Mirari Iturralde aritu ziren. Ondoren, profesionalen arteko partida: I. Etxebeste eta N. Elizalde; Andrea Aldaregia latasarra eta O. Orbegozoren kontra.