Elikaduraren inguruko ekimen ugari eginen dira Mendialdeko eskualdean

Amezti.eus 2021ko urr. 11a, 13:03

Uztailean sortu zuten Mendialdeko Elikadura Mahaia Cederna Garalurrek, eskualdeko udal-ordezkariek, Habelarte baserritar-elkarteak eta Leitzako Kontsumo Taldeak. Urriaren 5ean egin zuten hirugarren bilera, eta kontu ugari dituzte esku artean.

"2019an egindako lehen sektoreko diagnostikotik eta 2020an emandako prozesu parte-hartzailetik ateratako informazioak argi erakusten du badauzkagula gai batzuk eskualde mailan gutxienez landu beharrekoak, besteak beste, Mimukai, jantoki kolektiboetan eskualdeko produktuak barneratzea (eskoletakoetan barne), Lurren eskuratzea nekazari eta abeltzainentzat, bertako produktuak balorean ipintzea, azoka ibiltariak, elikagaien xahuketa, emakume baserritarrak balioan ipintzea, kontsumo kultura...", diote zabaldutako oharrean. Esku bete lan dituzte, eta eskualde zabaleko gainontzeko eragile eta teknikariekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi dute.

Bestetik, Mendialdean elikadura sistemarekin lotutako agendaren berri ere eman dute. Bizi-bizi dator hurrengo hilabetea. Hona hemen elkarte eta teknikari desberdinek antolatutako zenbait ekimen:

-Urriaren 13an: Emakumeen topaketa: Baratzeko produktuen kontserben inguruko ezagutzak partekatzeko jardunaldia, 16:30etatik 18:30era Eritzeko kultur eskolan

-Urriaren 16ean: Emakumeen topaketa: aldaketa sozio-ekonomikoek gure paisaian eta bizitzan utzi duten aztarna (gure errealitatetik begiratuta). 10:00etan Basa Kabin, Leitzan. Izena emateko: 674 086 926

-Urriaren 20 eta 27an: "Ezagutu zure indarguneak eta jakinarazi zure balioa", Cederna Garalurreko proiektu propioen barnean. Zuzenduta: lehen sektoreko ekoizleei, eraldatzaile et amerkaturatzaileei. 9:30etatik 13:30era, Larraungo udaletxeko goiko solairuan.

-Urriaren 23an: "Lurraren emankortasuna handitu", egun osoko ikastaroa 10:00etan hasita Arriben. 

-Azaroaren 2an: Mendialdeko elikadura mahaiko bilera, 18:00etan Lekunberriko Plazaolan

-Azaroaren 7an: Mendialdeko azken azoka ibiltaria, Lekunberrin.