'Dodoa', Jabier Muguruzaren disko berriaren letrak idatzi ditu Iñigo Astizek

Amezti.eus 2021ko ira. 24a, 10:00

Haurrentzako disko berri bat kaleratuko du Jabier Muguruzak, Dodoa, eta Iñigo Astiz ultzamarrak jarri dizkio hitzak.

Udazken honetan aterako da diskoa, Dodoa izenburupean eta haurrentzako zuzendua. Iñigo Astizek idatzi ditu letrak, eta ez da Jabier Muguruzak berarengana jotzen duen lehenengo aldia. 2018an kaleratu zuen Lehio bat zabalik diskari izena ematen dion kanta ere Astizek idatzi baitzuen.

Dodoa lan berrian iaz kaleratutako Oker (txakurra da) diskoan parte hartu zuen musikari-talde berarekin egin du lan berriz ere Jabier Muguruzak: Nieves Arilla (ahotsa), Mikel Azpiroz (teklatuak) eta Jean Marie Ekai (gitarra). Kide berri bakarra Karlos Aranzegi da (perkusioa). Azala, Pedro Balmasedak diseinatu du.

Diskoa uda hasieran grabatu zuten Mikel Azpirozen Mamusik estudioan, eta Muguruzaren beraren Mara Mara zigiluak argitaratuko du udazkenean. Jabier Muguruzak grabatzen duen haurrentzako bosgarren diskoa da Dodoa. Ja, ja (IZ, 1989),  Nire gorputza (Mara Mara, 2005), Harrizko hiztegia (Mara Mara, 2016) eta Oker (txakurra da) (Mara Mara, 2020) kaleratuak ditu aurretik.