Obra uztailan eta abuztuan egin dute, eta orain, eskolaren zati bat berrituta abiatu dute ikasturtea. Aurten, 25 ume eta bost langile izanen dira Ultzamako Xinbili Xanbala Haur Eskolan.
Alde batetik, eskola barruko zoladura guztia berritu da, aspaldikoa baitzen. Linotec soluciones Técnicas SL enpresak egin ditu lan horiek, eta 21.275 euroko aurrekontua izan dute, BEZa barne.
Bestetik, Xinbili-Xanbalak, ikasturte honetatik aurrera, kanpoko patioaren zati bat estaltzen duen pergola bioklimatikoa du. Kasu honetan, Lamitek Protección Solar SL enpresak egin du obra, eta 30.492 euroko kostua izan du BEZarekin.
Obrak Ultzamako Udalak sustatu ditu eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak finantzatuko ditu. Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu zuten joan den martxoan, eta, horren arabera, Hezkuntzak 60.000 euro bideratzen ditu lan horiek ordaintzeko.