Ostiralean emanen diote hasiera Parke Mikologikoko denboraldi berriari

Amezti.eus 2021ko ira. 20a, 09:00

Parke Mikologikoko hamabosgarren denboraldia abiatuko da ostiral honetan, irailaren 24an. Uxama Elkarte Mikrokooperatiboa da iaztik parkearen kudeaketaz arduratzen den entitatea.

Zizen bilketa jasangarria bultzatzea da parkearen helburu nagusia, eta horretarako gehieneko karga bat ezarriko dute baso-pista bakoitzean.

Bestetik, kudeatzaile aldaketarekin webgune eta telefono zenbakiak ere aldatu egin dira: parquemicologicoultzama.com izanen da interneteko gunearen helbide berria, eta telefonoa, berriz, 646 184 263. Ostiral, larunbat eta igandeetan 8:30etatik 15:00etara egonen da zabalik jendearendako arreta eta informazio zerbitzua.

Kanpaina berriari begira, hainbat jarduera proposatu dituzte, hala nola, mikologia ikastaro erdipresentziala, bisita mikologiko gidatuak eta zizei argazkiak egiteko ateraldiak, parte mikologikoa eta mikologiari buruzko aholkularitza. Gainera, X. Onddo Egunaren data ere iragarri dute: urriaren 17an izanen da festa egun berezia.