Diruz lagunduko dituzte izurriteak kaltetutako Ultzamako ostatu, jatetxe eta establezimendu turistikoak

Amezti.eus 2021ko abu. 25a, 11:22
Iraizozko ostatua

Osotara 11.000 eurokoa da laguntza horretarako udal aurrekontu-partida, baina establezimendu bakoitzak 600 euro jasoko ditu gehienez.

Atzo argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Ultzamako Udalak emango duen dirulaguntza. Bertan adierazten den bezala, helburua "COVID-19ak ostalaritzan, jatetxeetan eta turismoan eragindako krisi ekonomikoaren ondorio ekonomikoak arintzen laguntzea, baita horri aurre egiteko hartutako neurrien ondorioak ere".

Aldizkariak dioen bezala, "Neurri horien eragina bereziki negatiboa izan da ostalaritzaren, jatetxeen eta turismoaren sektoreko establezimenduetan. 2020ko martxoaz geroztik, itxi egin dira eta jarduera utzi behar izan dute hainbat denbora-tarte desberdinetan, eta oraindik ere, urtebete baino gehiago igaro ondoren, funtzionamenduan muga asko dituzte, ordutegiei, zerbitzua emateko moduari, edukierari eta antzekoei dagokienez, eta horrek bereziki horrelako jardueretan eragin du".

Laguntza hau Ultzamako Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) erroldan alta emanda dauden jarduera ekonomikoen titularrei zuzenduta dago, hala nola, taberna, jatetxe, kafetegi, ostatu, hotel, landetxe, museo, ikaskuntza-zentro, bisita gidatu eta turismo aktiboko jarduerak.

Emandako laguntzak 2021erako udal-aurrekontuko “Tokiko merkataritzarako laguntzak: ostalaritza eta turismoa” 4310 48000 aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira, 11.000,00 eurokoa. Diru hori laguntza jasoko dutenen artean banatuko da, onuradun bakoitzak 600 euro jaso ahalko baitu gehienez.

Baldintzen artean, laguntza jasotzeko, Ultzamako Udalaren Ekonomia-jardueren gaineko zergan inskribaturik egon behar da 2020ko martxoaren 14tik gaur arte. Gainera, 2020ko laugarren hiruhilekoko fakturazioa gutxienez %40 murriztu izana, 2019an hiruhileko horretan bertan fakturatutakoarekin alderatuta.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, dagokion iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita (Atzo argitaratu zen, azaroaren 23an). Eta, eskabideak egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izanen dira (https://ultzama.clmtec.es) edo aurrez aurre udaletxeko bulegoetan (bulego-ordutegia 09:30etik 14:30era).

Informazio guztia: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2021/197/27