Pulunpeko argazki lehiaketan parte hartzeko, azken egunak!

Amezti.eus 2021ko abu. 20a, 13:48

Abuztuaren 22an, igandean, argazkiak aurkezteko azken eguna izanen da. Larraintzarko benta ertsita dagoenez, Jauntsarasko Apeztegiberrin utzi edo Esan Erran irratira postaz bidali behar dira.

Urtero bezala, Pulunpe aldizkariak argazki lehiaketa antolatu du. Zazpigarren edizio honetan ere, eskualdean erroldatua dagoen edonork har dezake parte. Lanak igandera arte aurkeztu daitezke. 

Baina adi! Larraintzarko benta itxita dagoenez, bi aukera dituzue: Jauntsarasko Apeztegiberrin utzi dezakezue sobrea edo posta bidez bidali Esan Erran irratira. Helbidea, hauxe:

Esan Erran Irratia

Udaletxea, bigarren estaia

31866 Jauntsarats (Basaburua)

Sari bikainak izanen dira hiru argazki onenen egileendako: 300 eurokoa izanen da lehen saria, 200 eurokoa bigarrena, eta 100 eurokoa hirugarrena.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere bi fotografia aurkez ditzake, eta lan guztiak saritu gabeak eta jatorrizkoak behar dute izan. Gaiari dagokionez, gure eskualdearekin lotura duten argazkiak izan beharko dira, baina paisaia hutsa jasotzen duten argazkirik ez da onartuko. Festa, lana, kirola, ibilaldiak... edozein motako jarduerak izan daitezke, baina paisaiaz haragoko zerbait jaso beharko dute argazkiek. Formatua librea izanen da, koloretan edo txuri-beltzean aurkez daitezke lanak. 

Ondoko dokumentuan ikus daitezke lehiaketako baldintza eta xehetasun guztiak.

Animatu eta parte hartu!