Sasoi ezinhobean da Ainhoa Iraizoz eltsoarra. Nafarroako lokotx bilketa txapelketan txapela eskuratu zuen abuztuaren 8an, lehenengo aldiz baina Euskadiko txapelduna izan ondoren; eta, orain, bere ahizpa Maria Iraizozekin batera, garaile izan da Nafarroako trontza txapelketan.
Larunbatean lehiatu ziren, Arantzan, beste bost bikoteren aurka, eta bigarreneei minutu bat aterata txapeldun izan ziren 4'45''eko denbora eginez. "Egiari zor, zailagoa izanen zela uste guenuen, baina azkenean minutu bateko aldearekin irabazi genuen", aitortu digu Ainhoa Iraizozek.
45 ontzako enborrean 10 epai moztu behar zituzten eta bikain aritu ziren Iraizoz ahizpak. Bigarrenak Beteluko Olatz Altuna eta Alaitz Olano izan ziren; eta, hirugarrenak Antsoaingo Irune Biurrun eta Lucia Etxeberria.
Bestalde, Aizkorako II.mailako Nafarroako txapelketako kanporaketa izan zen, eta hirugarrena izan zen Aroztegiko Xuban Kañamares. Finalerako txartela lortu du, beraz, ateztarrak, lehiaketako lehenengo bostek jokatuko baitute.