Tokiko literatura, Orgin, abuztuan

Amezti.eus 2021ko abu. 13a, 10:27

Gaur hasita, liburu aurkezpenak izanen dira Orgiko basoan abuztuko asteburuetan eta irailaren 4ra arte.

Zikloa gaur abiatuko da, Patxi Irurzunen eskutik. Bere azken eleberria aurkeztuko du 'Chucherías Herodes', eta, aldi berean, bere hastapenak eta hainbat pasadizo kontatuko ditu. Arratsaldeko 18:00etan izanen da, Orgiko basoan. Ultzamako liburuzaina da Patxi Irurzun, eta hainbat hedabideren artean, Pulunpe aldizkariarekin eta Esan Erran irratiarekin kolaboratzen du.

Bihar Bakarne Atxukarro kazetariaren txanda izanen da. Euskal mitologiaz, naturaz, basoez idatzi du batez ere. Besteak beste 'Gizalabak' argitaratu zuen 2020an, bertan Euskalerria irratiko Irrintzi Plazako kolaborazioan kontatutako emakumeen historia ezezagunak biltzen ditu. Beste hainbeste lanen artean, 'Euskal Mitologia haurrei kontatua' eta 'Emakume baten hausnarketak' ere argitaratu ditu. Bihar, 18:00etan hitzaldia eskainiko du Orgiko basoan.

Ondoren, abuztuaren 27an Maria Castejon zinema kritikaria eta ikertzailea bere azken argitalpenari buruz arituko da 'Rebeldes y peligrosas de cine'. Genero arauak dinamitatzen eta erreferente berriak gorpuzten dituzten zinemako emakumeei buruzko liburua. Larraintzarren aurkeztu zuen martxoan eta Esan Erran irratiko Egun Ero irratsaioan elkarrizketatu genuen.

Abuztuaren 28an etxekoa izanen da aurkezpena. Sandra Iraizoz ultzamarrak bere hiru eleberriei buruz hitz eginen du: 'En un segundo tu vida cambia', 'Nahia' eta 'Ana se viste de Prada'.

Bukatzeko irailaren 4an Irati Iturritza olerkigile iruindarra etorriko da Orgiko basora. Kasu horretan, bakarra, eguerdian izanen da, 12:00etan.