Antiguako pilota torneoa Larraintzarren abiatuko da

Amezti.eus 2021ko abu. 5a, 12:10

100 urte bete ditu aurten Larraintzarko frontoi zaharrak, eta omenaldi bezala Donostiako Antiguako Torneoa berezia egin nahi izan dute aurten, eta Larraintzarren abiatuko dute jaialdia, asteartean.

Euskal Herriko afizionatu mailako torneo zaharrena da Antiguakoa eta urtero udan Donostiako auzoan egiten da. Aurtengoa jaialdi berezia izatea nahi izan dute, eta ohiko kokalekua aldatuko du egun batez. Larraintzarko frontoi zaharrak 100 urte betetzen dituela aprobetxatuz, eta Julian Lajosek duela 50 urte irabazi zuenez bere lehenengo buruz burukoa, Ultzamatik abiatuko dute Antiguako Torneoa.

Antolakuntzatik diotenez: "Auzoan ongi errotutako txapelketa da, antiguotarrek bere sentitzen duten zerbait, baina, era berean, guzti hori ezinezkoa litzateke bertan egoteko hamaika kilometro egiten dituzten kanpoko pilotari eta pilotazaleen ekarpen zorgarri hori gabe. Zalantzarik gabe, Nafarroa da kirolari eta zale horietako askoren jatorria, eta Antiguoko Pilotazaleak elkarteak horiekin guztiekin gogoratu nahi izan du aurtengo edizio berezi honetan".

Lajos bera omenduko dute astearteko jardunaldian, baina berarekin batera "urtetan eta urtetan pilotari eta pilotazale ez hain ezagunek egindako lan bikaina" aitortu nahi dute jaialditik. Seniorren mailan Andoni Gaskue Mendibe, Larraintzarko Etxeberrikoa, aritu behar zen, baina lesio batetik guztiz osatu ez, eta Aizpuruk ordezkatuko du astearteko partidan.

Aurtengoa 73. torneoa da, eta izurritearen ondorioz, bederatzi jardunaldietara murriztuko dute txapelketa. Beti ere, egungo promesa, elite eta emakumezko onenekin osatutakoa izanen da, dena den. Promesetan eta nagusietan pilotariak hiru bikoteko bi multzotan banatu dira –dokumentua erantsita–, eta sei bikote hauek ligaxka bat jokatuko dute euren artean abuztuaren 31n jokatuko diren finalerdiak argitzeko. Donostiako udan hain ezaguna den data honek, era berean, emakumezkoen lau partaideak lehian sartzeko balioko du. Hiru mailetako finalak irailaren 4an, larunbatez, jokatuko dira.

Ziurrenik, osasun agintariek baimendutako harmailen edukieraren %35 ez da nahikoa izango eskariari erantzuteko eta, aurreko urteetako bide arrakastatsuari jarraituz, txapelketako partida guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira internetez, Antiguako Pilotzaleok-en youtube kanalaren bidez.