Jesus Legarrea caddie ultzamarra, Tokioko olinpiadetan ezustean

Amezti.eus 2021ko uzt. 28a, 12:35
Jesus Legarrea Ultzamako golf zelaian

Jorge Campillo golf jokalariaren laguntzailea da Eltsoko Jesus Legarrea. Gaur iritsiko dira Tokiora, bihar lehiatzeko, Jon Rahmen ordezkaria izanen baita Campillo, federazioak azken momentuan onartutako erabakiaren ondorioz.

Genekienez ultzamar bakarra izanen zen Tokioko Joku Olinpikoetan, Larraintzarko Carlota Ziganda golf jokalaria. Berak aspaldi zuen tokia bermatuta, munduko 17.a baita eta lehenengo 60ak lehiatuko baitira Tokioko olinpiadetan. Abuztuaren 4an izanen du lehenengo lehia.

Bada, bigarren ultzamar bat batu zaio, kirol berean, Eltsoko Jesus Legarrea caddie-a. Legarrea Jorge Campillo jokalariari laguntzen arituko da jokuetan. Jon Rahmek Covid-19an positibo eman eta Tokiora bidaiatzeko aukera galdu zuen. Hasiera batean ordezkorik ez zuela izango eta Adri Arnaus golflaria bakarrik joanen zela iragarri zuen Espainiako Federazioak, baina azken momentuan onartu du Jorge Campillo ordezkari bezala. Gaur gauean iritsiko dira Tokiora eta bihar goizeko 11:00etan lehiatuko dira Jorge Campillo eta Jesus Legarrea.

Espainiako federazioan, Jon Rahm eta Adri Arnausen ondoren, Sergio Garcia eta Rafa Cabrero-Bello daude munduko zerrendan, baina jokuetan parte hartzeari uko egin zioten. Gaur egun, Santi Tarrio eta Adrian Otaegui ere daude Campilloren aurretik zerrenda horretan, baina Federazioak rankinga martxoan eguneratu ez zuenez, Campillok eskuratu du pasea, ondoan izanen du Jesus Legarrea ultzamarra.