Eskualdea zeharkatuko du Iruñerriko emakumezkoen lehenengo txirrindularitza itzuliak, gaur

Amezti.eus 2021ko uzt. 27a, 12:06
Nahia Imaz ekainean irabazitako Classica Arros lasterketan

Iruñetik abiatuko da 17:00etan eta N-121-A errepidetik Ostizko sarrera hartuko du 17:21an. Ondoren, Erripa, Odietako Latasa, Lizaso, Larraintzar, Auza, Ilarregi, Jauntsarats, Etxaleku, Oskotz eta Muskitz zeharkatuko ditu Ziatik jarraitzeko.

Gaurkoa emakumezkoen Iruñerriko txirrindularitza lehenengo itzuliko bigarren eta azkeneko etapa da eta 17:00etan abiatu ondoren, 17:21ean sartuko da gure eskualdean, Ostiztik. Jauntsaratsen, gainera, sprint berezia izanen da 17:53ean. Osotara 79,35 kilometroko ibilbidea izanen da gaurkoa, eta Iruñeko Udaletxetik aterako da, Santo Domingo aldapatik behera, eta Redinen bukatuko da 19:01 inguruan.

Iruñerriko txirrindularitza itzuliko emakumezkoen lehenengo edizioa da hau eta atzo izan zen lehenengo etapa. Galaria industriagunetik atera zen 17:30ean eta Mutiloa eta Aranguren zeharkatu ondoren, Mutiloan bukatu zen 19:25:24ean. Ermitagañako klubeko Nahia Imaz altsasuarrak irabazi zuen.

Emakumezkoen edizioa gaur bukatuko da. Ondoren, bihartik hasita ostiralera bitarte gizonezkoak lehiatuko dira. Haiek ostiralean pasatuko dira gure eskualdetik, bide bera eginez. Ermitagañako txirrindularitza klubak antolatzen du Iruñerriko Itzulia.