Ostiral honetan, bertso saio musikatua Larraintzarren

Amezti.eus 2021ko uzt. 27a, 12:23

Ametza Kultur Elkarteak antolatuta, bertso saio musikatua izanen da ostiral honetan, uztailaren 30ean, Larraintzarko Bentan. Iluntzeko 20:00etan hasiko da emankizuna, eta punta-puntako bertsolariek eta musikariek hartuko dute parte bertan.

Hain zuzen, Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan, eta bi musikarik lagunduko dituzte haien doinuak: Josu Lizarragak esku-soinua joko du emankizunean, eta Pello Belaskoainek, berriz, tronpeta. Gai-jartzaile lanetan Iñigo Ibarra bertsolari odietarra ariko da. Eskualdeko beste zenbait bertso saiotan ere aritu izan da lan horretan Ibarra. Bada, ez galdu ekimena eta ostiral honetan gozatu bertsolaritzaz eta musikaz!