Urmuga ekimena gure eskualdetik pasako da aste honetan

Amezti.eus 2021ko uzt. 16a, 11:00

Euskal Herria mendebaldetik ekialdera mendiz mendi zeharkatzen duen ekimena da Urmuga. Uztailaren 13an abiatu zen Urduña ingurutik, eta uztailaren 31n bukatuko dute martxa Hiru Erregeen Mahaian. Uztailaren 22an eta 23an zeharkatuko dute gure eskualdea mendiz.

Uztailaren 22an Albiasutik (Larraun) abiatuko da martxa, eta Leitzako Guratz mendia eta Uitziko gaina gurutzatu ondoren, Ireber pasa eta Otsolatik barna iritsiko da Arraratsa (Basaburua). Usatokietako aterpean eginen dute gaua mendizaleek.

 

Uztailaren 23an, berriz, Arrarastik abiatuko da martxa eta Ultzamaldea eta Malerreka-Baztanen artetik eginen du bidea: Eratsun eta Igoa arteko dolmena, Gorostieta, Larremiar, Urradi, Erroberriko gaina, Ello, Eteniko gaina eta beste hainbat mendi gurutzatu eta gero, Belaten bukatuko da martxa, Lanztik gertu.

 

Ibilbideaz gain, musikari lotutako egitaraua ere antolatu dute ekimenetik. Martxak pasatzen dituen mendi eta herri desberdinetan kontzertuak antolatu dituzte 16 egunetan. Urmuga ekimeneko ibilbidearen eta egitarauaren inguruko xehetasun guztiak urmuga.eus webgunean bildu dituzte.