Arraizko Bentetatik eta Burutaingo herri-gunetik trafikoa urrutiratzeko proiektua lizitatu dute

Amezti.eus 2021ko uzt. 13a, 12:54

Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesio Batzordeak 600.000 euroko lizitazioa egin du Olabeko (Olaibar), Burutaingo (Anue) eta Arraizko Bentetako (Ultzama) herri-guneetatik N-121A errepidea desbideratu eta hiru saihesbide eraikitzeko.

Burutaingo barianteak 1,5 kilometroko luzera izatea aurreikusten dute, eta egungo ibilbidearen mendebaldetik igaroko litzateke. Arraizko Benten kasuan ere herri-gunearen mendebaldetik joanen litzateke bariantea.

Urteak dira Olabetik, Burutaindik eta Arraizko Bentetatik igarotzen den trafiko handiko errepideari konponbideren bat bilatzea eskatzen zutela herritarrek. Bada, badirudi aurrerapausoak emanen direla etorkizun hurbilean.