Buruzgaingo Zelai Sarratea eta Mirari Iturralde, Nafarroako finalean

Amezti.eus 2021ko mai. 26a, 13:26
Eskuinetik hasita, bigarrena da Mirari Iturralde eta hirugarrena Zelai Sarratea. Aurretik, lehenengoa eskuinetik, Garoa Hernandez. Duela bi urte ateratako argazkia, pilotan hasi berriak zirela.

Infantil mailan jokatzen dute 13 eta 14 urteko Zelai Sarrateak eta Mirari Iturraldek. Buruzgain pilota taldeko bi kideek Nafarroako binakako finala jokatuko dute Labriten, larunbatean.

Harro-harro eman zigun abisua Aitor Paternain Buruzgaingo entrenatzaileak. Nafarroako infantileko binakako txapelketako finalerako sailkatu dira Zelai Sarratea eta Mirari Iturralde. Txapela Ultzamara ekarriko baduten larunbatean jakinen dugu, orduan baitute hitzordua Labrit frontoian.

Hiru urte daramatzate pilotan 13 urteko Sarratea eta 14 urteko Iturralde. Txapelketan, ordea, lehenengo aldia da Zelai Sarratearendako eta bigarrena Mirari Iturralderendako. "Finalaurrekoetara iritsi eta orduan hasi ginen sinisten aukerak bagenituela, baina hasieran ez genuen espero finaletara iristea", esan digu Zelai Sarrateak. "Ongi jokatu beharko dugu, bestela zaila izanen da irabaztea, borrokatua izanen da partida", azaldu digu Mirari Iturraldek.

Bost bikote izan dira bi hilabetetan jokatu den Nafarroako binakako txapelketan, Ultzamatik Sarrateak eta Iturraldek osatzen dutenarekin batera beste bikote bat: Garoa Hernandez eta Irati Gerendiain. Baina bikoteetako pilotari bat konfinatuta izan zen eta horregatik ezin izan zuten sailkapenerako partida jokatu. Sarrateak eta Iturraldek dute orain txapela Ultzamara ekartzeko aukera.

Bihar Esan Erraneko Egun Ero irratsaioan beraiekin izandako hizketaldia entzuteko aukera duzue. 10:00etatik aurrera 107.9an.