Elkarrizketa

Aroztegiaren aurkako akanpada abiatu dute Lekarozen

Amezti.eus 2021ko api. 20a, 11:52

Palacio de Arozteguia SL enpresak 225 luxuzko etxebizitza, hotela eta golf zelaia eraiki nahi ditu Lekarozen (Baztan), baina proiektuaren aurkako mugimenduak kanpaldia abiatu zuen ostiralean obrak gelditzeko. Aroztak Herri-Ekimeneko Aintzane Ariztegi elkarrizketatu dugu gaurko saioan, mobilizazioen inguruan gehiago jakiteko.

Aroztegia proiektuko obrak hastera zihoazela eta, erresistentzia antolatu eta mobilizazioei ekin diete Baztanen. Aurreko ostiralean abiatu zuten proiektua gauzatu nahi duten lursailetan kanpaldi mugagabea, eta Nafarroako herritar eta eragileei bertaratzeko dei egin diete. Makro-proiektu urbanistikoak ingurumenean ez ezik herriko bizimoduan eta hizkuntzan ere kalteak eragingo lituzkeelako antolatu dute erresistentzia. "Aroztegia proiektu txikitzailea gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi dute", zioten Aroztegia... eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak zabaldutako oharrean.

Maiatzaren 16an manifestazioa eginen dute Elizondoko plazatik abiatuta, arratsaldeko 17:30ean.