Eskualdeko taberna gehienak ateak itxiko dituzte hemendik aurrera, aginduak ala behartuta

Amezti.eus 2020ko urr. 22a, 13:56

Gehienak itxi egin behar izanen dute, hala ere badira eramateko menuak eta beste hainbat gauza prestatuko dituzten gutxi batzuk ere. Dena den guztiek pentsatzen dute akaso itxiera hau esan baino luzeagorako joanen dela. Ikusiz joan behar.

Gure eskualdeko ostalariei zuzenean eragin die beraien negozioak itxita edukitzeko aginduak, hala ere inguruan dauden hornitzaileak, langileak eta beste batzueri ere eragin die aginduak. Herri txikiak dira gureak eta ohitura ere ez dago jana ostatuan bertan hartu eta etxera eramateko; ostatua gehiago herrian bertan bizidunen elkargune bat da, elkar ikusteko eta egoteko aitzakia.

Guztiek itxi egin behar izan dute gauzak argi ez izan arren, aholkularitzetara deitu eta han ere ezin bait zuten informazio zehatza jaso.

Gauzak honela itxita egonen dira: Olagueko “La Txikita”, Beuntzako ostatua, Eltzaburukoa, Alkozkoa, Gerendiaingoa, Etxalekukoa, Beruetekoa, Lanzkoa, Orokietakoa eta Latasako Biltegia. Igoako ostatuak bazituen ostalari berriak baina itxaron egin beharko dugu ezagutzeko.

Eramateko hainbat gauza prestatuko dituzte Apeztegiberrin, Izarpe kanpinean eta Larraintzarko ostatuan ere. Hauetan haien facebook orrialdetan aurkituko dituzue menuak eta beste xehetasun guztiak.

Auzako ostatalariak begira ari dira ere, eramateko hainbat gauza egiteko aukera. Esan zigutenez, aurreko konfinamenduan pizzak, fritoak eta halakoak egin zituzten eta ongi joan zitzaien. Langile batzuk ere joaten ziren egunero menua bazkaltzera eta hauei zerbitzua nola eman pentsatzen daude.

Dena den ostalari batzuek adierazi ziguten pena dela zonaldean elkarterik ez izatea, honelako egoeretan denak erantzun bat emateko eta aurrera begira ere elkar lana sustatzeko. Batzuek Iruñeako elkarteratzetan parte hartuko dutela esan ziguten. Haserre daude asko, guztiak etsita.

Bistan da egoera honek hankaz gora jarri duela zonaldean lan eta zerbitzu ematen diguten hainbat pertsonen ogibidea. Beste hainbat ekimen kultural ere bertan behera geratu dira, ostatu edo tabernetan egin behar bait ziren.